ManasluEkiren Oinarrizko Kanpamentua erreproduzitzea 3Dn dronen bitartez

Dakizuenez, gure espedizioetan, altuerako errotazioetan gogor lan egiteaz gain, ingurumen, teknologia, gizarte… arloko proiektuak gauzatzen ere laguntzen dugu. Kasu honetan, #ManasluEkiren Oinarrizko Kanpamentuaren dron bidez 3Dn egindako berreraikuntza-lana kontatu gura dizuet. Proiektu hori, Drone by Drone, Aire Segurtasuneko Estatu Agentziak Euskadin gaitutako lehenengo dron-enpresa operadorearen eskutik gauzatu dugu, eta monitorizaziorako UAS izenekoak erabiltzeari esker, guk egiten ditugunak bezalako espedizioen garapen seguru eta jasangarrirako interesgarriak diren egoerak aztertu ahal dira. Bere lanean aditua den etxeko jendearekin taldea egitea bezalakorik ez dago; horiei esker, nire Sare Sozialetan, Gorbeia inguruko entrenamenduak erakusten dituzten oso irudi politak partekatu ahal izan ditugu zuekin, eta orain, Manasluko oso proiektu berezia.

#ManasluEkiren Oinarrizko Kanpamentua dronen bidez 3Dn berreraikitzeko proiektuaren kasuan, ingurua aztertzeko, lursailak 3Dn berreraikitzea ahalbidetzen duen dron bidezko lehengoratze fotogrametrikoaren teknikari esker egin ahal izan da.

Nahasgarria dirudi, baina 3Dko berreraikitze horiek zertan datzaten, eta, ludikoaz gain, zer helburu dituzten, azalduko dizuet; izan ere, sortutako eredu digitalak haren gainean parametro ugari neurtzeko, eta informazioa GIS edo CAD programetara hainbat formatutan esportatzeko, ustiatzeko eta aztertzeko aukera ematen du.

Horrela, goi-mendiei dagokienez, dronen erabilerak, irudi ikusgarriak emateaz gain, datuak eman diezazkiguke, ondoren azter ditzagun, besteak beste, segurtasunari, jasangarritasunari, ingurumenari eta fenomeno atmosferiko lokalei buruzko informazioa lortzeko.

- Giza presentziak oinarrizko kanpamentuetan sortzen duen higadura aztertzea

- Zaborraren presentzia aztertzea, eta baita horren neurketa bolumetrikoa egiteko aukera ere, arintzeko eta bertatik kentzeko neurriak zehazteko.

- Eskalatzaileentzat arriskutsuak diren Serac-en mugimenduak behatzea eta neurtzea.

- Glaziarren behatzea eta neurtzea, klima-aldaketak eta gizakiak glaziarretan duten eraginaren ondoriozko atzerapena edo masa-galera ebaluatzeko.

- Ikus-entzunezko edukiak 3Dn egitea, interakziorako eta oinarrizko kanpamentuetan bertan edo igoeretako gune interesgarrietan, ibilbide birtualak egin ahal izateko. Horrela, eskalatzaileen eta espedizioaren egunerokotasunean modu errealagoan murgiltzea lortzen da, jendearengana modu errealistagoan hurbilduz, Himalaiarako espedizioen arriskuak jasan behar barik.

ManasluEkiren Oinarrizko Kanpamentua erreproduzitzea 3Dn dronen bitartez


Esperientzia ahaztezina

Bertan izan dugu. Oso gertu. Ia atzamar puntekin ukitu genezakeen. Baina ez, ezin izan dugu Manaslu gailurrera igotzea lortu. Batzuen ustez, ezarritako helburua lortu ez dugunez, porrot egin dugu. Baina hori errealitatetik oso urrun dago. Oso pozik gaude egindako lanarekin. Eta ez dut esaten ondo geratzeagatik. Benetan sentitzen dut. Irribarre handi batekin noa, eta lasai, gure esku zegoen guztia egin dugulako eta burua hotz izan dugulako bizirik itzularazi gaituzten erabakiak hartzeko.

Hau ez da futbol partida bat bezalakoa. Horietan batzuek irabazi eta besteek galdu egiten dute. Mendian goitik itzultzen ez zarenean baino ez duzu galtzen. Eta aurten, zoritxarrez, horrelako larregi izan ditugu. Bihotzez sentitzen dut lagunak etxera itzuli ez izana. Hainbeste lotzen gaituen kirol zoragarri honen gurutzea da. Ordaindu behar izan duten bidesari garestiegia. Atseden hartu ezazue denok bakean. Mundua leku tristeagoa da eurak barik…

Gauza asko lortu ditugu aste ahaztezin hauetan. Kirol arloan eta arlo pertsonalean. Negu betean 7.100 metroraino igotzea lortu dugu, inoiz esploratu gabeko bide batetik. Ederra izan da, baina gogorra ere bai. Oso gogorra. Onartzen dut batzuetan behar baino gehiago bultzatu dugula, baina badakit berriro egoera berean egongo bagina gauza bera egingo genukeela. Kilo asko material kargatu ditugu eta metro bat elur baino gehiagorekin bidea zabaldu dugu, mantu zurian ia gerriraino estalita. Bagenekien zer genuen aurrean, eta, nolabait, horretara etorri gara. Eta lehen eta bigarren kanpamentuen arteko errimaia horregatik izan ez balitz, edo eguraldi oneko leihoak egun t'erdi gehiago iraun izan balu… Baina esaten den moduan, "Hori da dagoena". Astia egongo da egin duguna lasaiago aztertzeko.

Maila pertsonalean ere esperientzia handia izan dela esan dut. Talde zoragarria izan dut lagun. Badakit espedizio batean kontzentratuta nagoen bitartean, eramaten zailagoa izan naitekeela. Kontzentratu egiten naiz eta barruan daramadan makina ateratzen zait.

Gozamena izan da Iñaki Alvarez bezalako lagun batekin mendira eta lehen mailako alpinismora itzultzea. Makina bat da. Pertsona lasaia, inoiz urduri jartzen ez den eta beti zuri laguntzeko prest dagoen horietakoa. Gauzak okertzen direnean eta zure bizia arriskuan jartzen duzunean denok gure ondoan gura dugun lagun mota. Simone Mororengandik ere asko ikasi dut. Nirekin hainbat kordada partekatu dituen maila goreneko eskalatzailea. Ez dut inoiz ahaztuko Sergi Mingoteren zorigaiztoko istripuaren egunean zelan mugitu zuen ahal izan zuen guztia. Berak eman zidan guztiaren berri eta badakit ezin izan zuela gehiago egin. Eskerrik asko bioi abentura zoragarri honetan laguntzeagatik. Seguru askoz gehiago ditugula partekatzeko.

Hitz batzuk esan nahi nizkioke oinarrizko kanpamentuan ondoan izan dudan talde zoragarriari. Ez zaituztet banan-banan aipatuko, ia sarrera bat beharko nukeelako bakoitzarentzat. Eskerrik asko zuei ere. Oinarrizko kanpamentuan egin duzuen lanari esker, 7.100 metrora iritsi ahal izan gara.

Eta, zelan ez, eskerrik asko, bihotzez, 39 urteko ume honek aukera honetaz gozatzea lortu duten babesle guztiei. Jakin dudan modurik onenean egin dut, baina mendian, asko prestatu arren, une bakoitzeko egoeraren menpe egoten gara. Bidaia zoragarria izan da. Esperientzia ahaztezina. Eskerrik asko!