Hirugarrenean lortuko dugu!
Beste negu batez, hemen nago, Nepalen. Hirugarren urtez jarraian, planetako zortzigarren mendirik garaienera igotzen saiatuko naiz: MANASLU (8.163 metro).
Urduri nago, baina zerbaitek esaten dit aurten desberdina izango dela. Inoiz baino indar gehiagorekin sentitzen naiz, inoiz baino motibazio handiagoa daukat. Aurreko bi neguetan asko ikasi dut mendi honi buruz eta hemen nago berriro, talde izugarri batekin, amets hau lortzeko.
Hilabete baino gehiago daramat Himalaia mendikatearen inguru zoragarri honetan... neure burua egoera honetara moldatzen, egokitzen.
Joan den azaroaren 24an abentura berri bati ekin nion; Makaluko Oinarrizko Eremurako treking berri bati, Iñaki Ochoa de Olza - SOS Himalaya Fundazioko taldearekin batera. Esperientzia ezin aberasgarriagoa izan zen, zeinetan herri honen eta bertako jendearen magiaz gozatzeko aukera izan dudan. Zalantza barik bertaratzen zaren lehenengo momentutik harrapatzen zaituen lekua da hauxe.
Bidean zehar, makina bat geldialdi egin ditugu. Kunghma eta Seduwa bisitatu ditugun herrietako bi baino ez dira, harrapatzen zaituzten lekuak, duda barik, berdin dio zenbat aldiz itzultzen zaren. Bertan, denek irribarre handi batekin hartzen gaituzte, beti; haien begirada samurrak, distira hori… Dena ematen dute ezer espero gabe, beti edozer zor diedanaren sentsazioa daukat.
Eta Makaluko Oinarrizko Basearen helburua lortu ondoren, Katmandura itzuli ginen motxila berregiteko eta erokeria eder batean murgiltzeko, hitzaren zentzurik positiboenean, noski: garun-paralisia duen Zallako nire lagun Javier Lopezekin batera Everesteko Oinarrizko Kanpamentura iristea. Javier… etengabe hobetzeko grina duen pertsona berezi-berezia. Bere lagunen laguna, beti laguntzeko prest dagoena, denok gure ondoan nahi dugun adiskidea. Berarekin batera ez dira barreak eta une onak falta izan. Ezin dut hitzez azaldu irakatsi didan guztia!
Eta nola ez, inguru honetan nagoen guztietan, derrigorrezko geldialdi bat egin behar dut: Lukla. Herri txiki bat zeinetan nire bizitza pertsonal eta profesionalean gehien irakatsi didatenetako pertsona bat bizi den. Pasang Thembari buruz ari naiz, 1980ko maiatzaren 14an Everest mendia Martin Zabaletarekin igo zuen eskalatzailea, hain zuzen ere. Alpinista bikaina, eta pertsona hobea. Baina bisitan, espero ez nuen zerbait gertatu zen. Pasangek zituen entzumen-arazoen lekuko izan nintzen. Ez zitzaidan egoera batere gustatu, beraz, zalantzarik gabe, Katmandura joatera animatu nuen, mediku bat bisitatzera. Azkenik, irribarrea eta bizitzeko gogoa itzuli dioten audifonoak jarri dizkiote. Eta, hain dago pozik, ezen hasi berri dudan urteko azken erronkara astebetez laguntzea erabaki duen.
Laburbilduz, bizipenez, sentipenez eta emozioz beteriko bi treking, pilak kargatzen, mendian oinarritzen eta, nola ez, girora moldatzen lagundu didatenak. Hori guztia dela eta, hirugarren saiakera honetan neure helburua lortzea espero dut behingoz.
Zorte ona opa iezadazue!
Kronikak Manaslutik: azken kapitulua
Ez da izan, ezta gutxiagorik ere, buruan geneukan espedizioa. Gure abentura hasi zenean, abenduaren 13 urrun hartan, Manaslu 2022rengandik zer espero genuen galdetu izan baligute, inork ezin izango zukeen aurreikusi bizi izan duguna: 4 metro elur baino gehiago pilatu diren bi hilabete oso elurtsu, eta eguraldi oneko leihorik ez. Saiatzea ere ezinezkoa izan da. Mendiak ez digu aukerarik eman.
Horrelako espedizio bat prestatzen duzunean, egoera posible guztietan jartzen saiatzen zara. Zelan ez, guztien gainetik gailentzen dena helburua betetzen ikustea da, baina ez da, ez bakarra, ez garrantzitsuena. Denok espero duguna etxera onik itzultzea da, eta hori, zorionez, lortu dugu. Une bakar batean ere ez dugu gure bizitza arriskuan jarri.
Hala ere, ez zen gure kinieletan sartzen Manasluk bere ateak inoiz ez irekitzea. Ez dugu astebete bakarreko denbora egonkorrik ere izan! Egia da gure espedizioak neguan egiten direla eta elurteak eta haize bortitzak izateko aukerak handiagoak direla udaberrian edo udan egon daitezkeenekin alderatuta. Baina aurtengoa pasada bat izan da. Urte batzuk barru atzera begiratu eta espedizio hau gogoratzen dudanean, burura etorriko zaidan lehen irudia, etenik gabe oinarrizko kanpamentua babesteko ahaleginetan elurra paleatzen ari den talde osoarena izango da. Egun batzuetan 16 ordu baino gehiago eman ditugu elurra etengabe ateratzen. Saririk izan ez duen eroen lana.
Gauzak alde positibotik ikusten saiatu naiz uneoro. Urtarrilean prezipitazio handia izan ondoren, otsaila desberdina izango zela sinetsi gura nuen. Baina ez da horrela izan. 1. kanpamentua baino pixka bat gorago igotzea baino ez dugu lortu, 6.500 metrora. Ez dut esan nahi bi asteko eguraldi ona izan bagenu lortuko genukeenik. Hori ez dago jakiterik. Baina ez dugu partida jokatzeko aukerarik ere izan!
Ez dut ukatuko. Etsita itzultzen gara. Mugitu dugun guztia mugitzea honaino etortzeko eta honekin topo egitea ez da gustu oneko platera izan. Baina ezin dugu askoz gehiago egin. Kontrolatzen ez ditugun elementuak dira. Harro nago une jakin batzuetan erabaki zuzenak hartu izanaz. Gure esku egon dena ondo kudeatu dugu. Adibidez, urtarrilaren amaieran gertatutakoa. Elur kantitatea ikusita eta elur-jausi arriskua aztertu ostean, taldearen segurtasunerako onena Samagaunera, oinarrizko kanpamentura iritsi aurreko azken herrira, jaistea zela erabaki genuen. Babes bila joan ginen. Hurrengo egunean, elur-jausi batek kanpamentuaren zati bat eraman zuen. Ez ginen oker ibili. Mendia oso arriskutsu zegoen.
Bi hilabete luze izan dira, eta ahalegin guztiak egiten saiatu gara. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet aste hauetan adorea eman didaten guztiei. Zuen beroa Nepaleraino iritsi da. Jakina, ez ditut nire laguntzaileak eta babesleak ahaztu gura. Zuek gabe hau ezinezkoa zatekeen. Eskerrak eman Iñaki Alvarezi eta Iker Mediavillari, lan handia egin dutelako eta asko lagundu didatelako. Eta, zelan ez, Eneko Garamendiri eta Sendoa Elejalderi, asko eman diotelako espedizioari. Beste batean izango da. Mendiek hor jarraituko dute gure zain.
Kronikak Manaslutik: V. kapitulua
Eguraldia zailtasun asko jartzen ari da. Elurra ari da etengabe. Egia da azken egun hauetan atseden txiki bat eman digula, baina zerua berriro estaltzen da eta hilabete bukaerara arte elur gehiago egitea aurreikusten dugu. Egia esateko, ez genuen hainbeste elur espero. Azken asteetan 3 metro baino gehiago pilatu dira eta, noski, horrek aurrera jarraitzea eragozten digu. Oraingoz. Hala ere, baikorrak gara. Ni lehena. Otsaila hilabete lehorragoa izatea espero dut.
Ia espedizioaren erdian gaude. 40 egun inguru daramatzagu eta tartea dugu aurretik. Azkeneraino saiatuko gara, baina horretarako elurra finkatzea, trinkotzea, behar dugu. Etengabe ari gara elur-jausien arriskua neurtzen, eta helikopteroz hainbat punturen gainetik hegan egitera ere iritsi gara bilakaera ikusteko. Esan bezala, asko bota du eta eremu batzuk nahiko arriskutsuak dira (Europako eskalan, 5/5). Hau da neguko espedizioetan gertatzen dena. Aldez aurretik bagenekien.
Baikorra naiz berez, eta egoera aldatuko dela uste dut. Iñaki ere iritzi berekoa da. Askotan gauzak erraz ikusten dira kanpotik, baina hona iristean mendiak bere kabuz erabakitzen du. Hori da dagoena. Ezin gara naturaren aurka borrokatu. Ulertu eta interpretatzen jakin behar dugu. Eta, jakina, pazientzia izaten eta gure unea itxaroten, egokitzen, jakin behar dugu. Ziur nago Manasluk ateak irekiko dizkigula eta hurrengo asteetan igotzen hasi ahal izango garela.
Bitartean, Samagaunen jarraituko dugu, oinarrizko kanpamentura iritsi aurreko azken herrian, itsas mailatik 3.400 metrora. Jendeak besoak zabalik hartu gaitu eta gero eta integratuago gaude bertako biztanleen artean. Primeran tratatzen gaituzte. Euren abegi onak hunkitu egiten du. Joan den astean hileta batera ere joan ginen, herriko emakume bat agurtzera. Budismoak etengabe harritzen gaitu. Gure ohituren erabat desberdina da. Kolore biziak, musika... egunero zerbait berria ikasten dugu. Eskerrik asko Samagaun!
Kronikak Manaslutik: IV. Kapitulua
Neguko espedizioetan dugun arrisku handienetakoa elur-jausien arriskua da. Aurreikusteko zaila eta oso arriskutsua den fenomenoa da. Segundo gutxitan elur tonak maldan behera erortzen hasten dira, eta leku eta une desegokian bazaude, heriotza ere ekar dezake. Aurten elurra ari du Manaslun eta elur-jausiak etengabeak dira. Zarata izugarriak entzuten ditugu eta batzuetan sortzen dituzten uhin hedakorrak ere sentitzen ditugu. Egia esan, errespetu handia sortzen dute.
Arriskuak gutxitzeko, beharrezkoa da prest egotea eta ahal diren neurri guztiak hartzea. ‘Elur’-eko (http://www.elur-equipment.com/) gure lagunak eta Sergio Pérez Fernández oso lan garrantzitsua egiten ari dira arlo horretan, eta etengabe gaude haiekin harremanetan. Asko laguntzen digute. Segurtasuna ezinbestekoa da edozein espediziotan, eta mendia ondo irakurtzen saiatu behar dugu. Bide bat noiz den segurua eta noiz ez aurreikusten saiatu. ‘Elur’-eko lankideek egindako testu hau utziko dizuet, uste baitut oso ondo azaltzen dituela mendiaren arriskuak:
“Dakigunez, mendiko jarduerek arrisku maila handia dute. Hori are nabarmenagoa da neguko mendiaz ari bagara, gure segurtasuna arriskuan jar dezaketen elementu gehiago gehitzen baititugu. Elur-jausiak elementurik hilgarrienetakoa dira, eta are gehiago gure espedizioetan aurrean ditugunak bezalako mendi handiez ari garenean.
Gure taldekide Alex Txikonek Manaslura 2021-2022 honetan egindako espedizioan, taldeak mendi horren aurpegirik gogorrenari aurre egin behar izan dio, Oinarrizko Kanpamentuan 2 metrotik gorako elurteak izan baitituzte. Hain prezipitazio ugariek geruza sakonenetan elur-oinarri egonkorrik ez egotearekin batera, elur-jausiak izateko arriskua 5/5 mailakoa izatea dakar, Europako eskalako mailarik altuena.
Alexek bere esku-hartze askotan esan duen bezala, mendiko istripuen % 92 gizakiak eragindakoak dira, hau da, ziurrenez ekidin daitezke. Elur-jausien arrisku hain handia duten lurretan mugitzen garenean, garrantzitsua da ekipo egokia izatea, entrenatzea eta geure burua birziklatzea, eguraldiaren aurreikuspenak izatea, egoera aztertzea eta erabakiak behar bezala hartzea. Alexek ondo dioen moduan, mendia hor egongo da beti, eta neguko 8.000 batean, ez dago hutserako tarterik.
Elur Equipment-en, elur-jausietan erreskatatzeko gure dispositiboa garatzen ari gara, baina prozesu horren gainerako arloetan ere egiten dugu lan; izan ere, analisi-urratsak era metodikoan betetzen baditugu eta aukerarik seguruenaren alde egiten badugu, arrisku handiko egoera asko saihestu ditzakegu, eta bizitzak salbatu.
Gainera, ez dugu Sergio Perez Fernandezi eskerrak emateko aukerarik galdu nahi, Manasluko egungo egoeraren analisian emandako laguntzarengatik.
Beti esaten dugun bezala, aztertu zure mugak, egizu seguru.”
Kronikak Manaslutik: III. Kapitulua
Jasangarria den espedizio bat egitea posible da. Gu egiten ari gara eta, egia esan, izugarri harro nago. Sukaldeko edo gainerako domoetako aparatu elektrikoek eguzki-energiari esker zelan funtzionatzen duten ikusteak indarberritu egiten zaitu. Gure arrastoa oso txikia izango da alde horretatik. Gainera, batzuetan energia soberan dugu eta beste denda batzuekin parteka dezakegu. Pasada bat da.
Duela hamar urte eskas, ezinezkoa izango zen. Etorkizuneko espedizioetan jarraitu beharreko bidea markatu dezakeela uste dut gureak. Jasangarria izatea posible da, eta bide horretatik joateko betebeharra dugu. Hainbeste eman diguten mendi hauei zor diegu. Denok eman beharreko pausoa da.
Sorgailurik edo pilarik gabe funtzionatzen duten bonbila barik lanean aritzea, gainera, oso erosoa da. Galde diezaiotela Enekori, ez baitu zertan gasolioari zeharka begira egon behar eguneko platera prestatzen duen bitartean argi barik noiz geratuko. Edo, azken belaunaldiko kamera guztiak eta ordenagailuak eguzkiak sortutako energiarekin kargatzen dituen Sendoarekin hitz egin dezatela. Eguzkiaren argiari esker oinarrizko kanpamentuan egunean 24 orduz energia duen lehen espedizioetako bat garela esango nuke.
Erabiltzen ditugun tresna elektriko guztiak Eki Fundazioak utzi dizkigun plakei eta hori guztia posible izan dadin ekarpen handia egin duen Energiaren Euskal Erakundearen ezinbesteko laguntzari esker kargatzen dira. Eskerrik asko zuen laguntzarengatik. Zalantza barik, hemen lortzen ari garena mugarri bat da, eta zuei esker ari gara egiten. Eskerrik asko!
Kronikak Manaslutik: II. kapitulua
Elurra egin du, hemen bakarrik ikusten den bezala egin ere. 36 ordutan bi metro baino gehiagoko elurrarekin egin dugu topo oinarrizko kanpamentuan. Elurra hasi eta ez da hiru egunetan gelditu. Pena, irteerako laukitxora itzuli behar garelako. Oinarrizko kanpamentua berrantolatu behar da, arrastoa ireki eta banbuak jarri, baina bagenekien hori gerta zitekeela. Irribarre egin, mahukak jaso eta lanean gogor jarraitzea besterik ez dago.
Oso erritmo onean ari ginen aurrera egiten. Izan ere, bost egun eskasetan ia 2. kanpamenturaino igotzea lortu genuen. Iñaki eta biok materiala igotzen ari ginen elurra hasi zenean. Gau hartan bertan oinarrizko kanpamentura itzultzea erabaki nuen, baina Iñakik atseden hartu eta hurrengo goizean jaistea erabaki zuen. Kolpe latza izan zen, baina elurra markatzen zuen iragarpena bete egin eta palekin elurra kentzen ibili gara ordu luzez.
Eskerrak oinarrizko kanpamentua horrelako egoerarako prestatuta zegoen. Beti esaten dut ondo antolatzea dela espedizio baten arrakastaren gakoetako bat, inoiz ez baitakizu zer gerta daitekeen. Haize bortitzetarako edo izan duguna bezalako elurte handietarako prest egon behar da.
Hori bai, dendek primeran eutsi diote. Egia da, halaber, ezin zarela besoak gurutzatuta geratu ekaitza noiz amaituko zain. Noizean behin pala hartu eta elur kiloak kentzen hasi behar da. Horrela aritu gara ia 3 egunez. Jipoi ederra hartu dugu.
Baina badirudi azkenean eguzkia atera dela. Ekaitzaren ondoren barealdia etorri da. Dena berriro egokitzea dagokigu, eta, egiten dugunean, gora begiratu. Elur asko erori da eta ez dakigu bidea nola egongo den. Ziur gaude duela astebete baino askoz okerrago egongo dela eta horrek dena asko zailduko duela. Baina neguan Manaslu igotzea gogorra da, oso gogorra, eta horretarako prestatu behar dugu. Gogotsu gaude. Hau hasi baino ez da egin, eta egun gutxi barru albiste onekin itzultzea espero dut.
Kronikak Manaslutik: I. kapitulua
Oinarrizko kanpamentuan gogor ari gara lanean. Hotz egiten du, hotz handia, eta altuerako lehen egunak zailak dira beti. Baina Manaslu goitik begira dago eta horrek suspertu egiten gaitu. Goizero egun on esan eta gauero atseden hartzen lagunduko baligu bezala da. Egunero ikusten dugun lehen eta azken gauza da. Aurpegira begiratzen diogu eta mendiak gauza bera egiten digula sentitzen dugu. Elkar agurtzen dugu. Elkar errespetatzen dugu. Erronka handia dugu aurrean. Gogo handia dugu.
Lehen egunak biziak eta gorabehera handikoak izan dira. Dena mila orduko bidaiarekin hasi zen, paper askorekin jarraitu zuen, eta, azkenean, Katmandura iritsi ginen. Lau gau eman genituen han, eta, bertan, logistika (130 karga baino gehiago utzi genituen antolatuta) eta lege (igotzeko beharrezko baimena lortu genuen) arloetako lanak egiteko eta dagoen gauzarik politenetako eta atseginenetako bat egiteko aprobetxatu genuen: bertakoei laguntzea. Lan txalogarria egiten duten eta aspaldiko urteetan ondo ezagutzen ditugun hainbat elkarteri eta GKEri esker egin genuen. Izugarri gustatzen zait nire aletxoa jartzea, baina badakit ezin dela alderatu eurak egiten dutenarekin. Lan ikaragarria egiten dute. Lerro hauek idazten ditudan bitartean hunkitu egiten naiz.
Material informatikoa daramagu, Iñaki Ochoa de Olza alpinista nafarraren bizitzan amaitu gabeko lankidetza proiektuak bukatzeko helburuarekin lan egiten duen 'SOS Himalaia: Iñaki Ochoa de Olza Fundaziora'. Oso erabilgarriak izango zaizkien ordenagailu eramangarri berriak eman dizkiegu. Bestalde, aurreko aldietan bezala, batez ere neskatoek, emakumeek eta pobretutako eremuetako (Nepal, adibidez) kolektibo ahulenek pairatzen dituzten bidegabekeria- eta desberdintasun-egoerak prebenitzeko lan egiten duen Udana Nepal Fundazioari lagundu diogu.
Oso egun polita eta zirraragarria igaro genuen eurekin. Udana Nepaleko kideek asko laguntzen diote Nepalgo gizartean ia ikusezin bihurtu den sektore horri. Guk gure aletxoa jartzen dugu eta, gainera, haiekin eskalatzeko aprobetxatzen dugu. Uste dut oso ondo pasatu zutela eta zerbait desberdina egin zutela. Haien irribarreek eguna alaitu ziguten.
Azkenik, Hugging Nepal Fundazioak egiten duen lana ezagutu genuen. Harrigarria iruditu zitzaigun. Baliabiderik ez duten pertsonei jaten ematen diete, eta elkarteari esker, gutxienez, egunean kalitatezko otordu bat jan dezakete. Pandemiak iraun duen bitartean, zer jan ez zuten pertsonen oso ilara luzeak izan dituzte. Ilara horri ‘lotsaren ilara’ deitzen zaio. Nepal bezalako herrialde batean klase sozial ezberdinak ez dira elkartzen, eta ilara horretan ikusten bazaituzte, batere ondo ez doakizulako da. Hori guztia ikustea oso gogorra izan da, baina hori da errealitatea.
Eta lau egunez paperak egin, kargak antolatu eta elkarte horien lana ezagutu ondoren, Samagaunera abiatu ginen, Manasluko oinarrizko kanpamentura iritsi aurreko azken herrira, 3.000 metrotik gorako altueran dagoena. Aurten helikopteroz igotzea erabaki dugu eta pisuzko hainbat arrazoirengatik egin dugu. Lehenengoa, segurtasun- eta osasun-neurriek hala eskatzen zutelako. Zenbat eta interakzio gutxiago hemengo jendearekin, orduan eta hobeto haientzat eta guretzat. Ezin gara haiek kutsatzera arriskatu. Nahiz eta zenbait PCR proba egin genituen Katmanduko egonaldian zehar, bidean igarotzen dituzun herriekin ahalik eta interakzio txikiena izatea gomendagarria da.
Chhepal Sherpa: “Nire adinarekin, 38 urte ditut, eta asko eskalatu ondoren, oso ondo sentitzen naiz, nahikoa esperientziarekin erronka berri honetarako”
Alpinismoaren mundua ez litzateke posible izango Sherparik gabe. Ez naiz inoiz esaten nekatzen. Niretzat, hainbeste errespetatzen eta maite dudan kirol honen funtsezko parte dira. Haiek dira mendia ezagutzen dutenak, une jakin batean bizia salbatu eta aholkurik onenak eman diezazkizuketenak. Horregatik, zuek haietako baten lekukotza hurbiletik ezagutzea gura dut. Chhepal Sherpa da. Mendiko lagun eta adiskide bikaina. Hemen bere inpresioak.
Chhepal, nolatan zaude hemen negu honetan?
Lehenik eta behin, eskalatzailea naiz, eta zorionez azken 5 urteotan igoerak egin ditut neguan: Everest bi aldiz, K2, Amadablan eta Manaslu iaz. Aurten, hemen nago nire taldearekin: Tenjin Sherpa, Pasang Norbu Sherpa, Gyalu Sherpa, Thinduk Sherpa eta, laguntzaren bat behar izanez gero, Pemaba Tashi gure sukaldaria ere badugu. Mendian ere egin dezake lan gurekin batera.
Zenbat talde egongo gara Manaslun?
Eskalatzaile profesionalak gara. Aurten Manaslu neguan eskalatzen saiatuko gara.
Iaz, Pasang Norbuk ez zuen zurekin (Alex) joan nahi izan, benetan nahi zuena K2a neguan igotzea zelako. Zorionez guretzat, zazpi gailurretarako finantza-laguntza pribatua lortu dugu, eta horrek ere laguntzen digu.
Azkenaldian komunikabideetan ikusi duzun bezala, Gelje Sherpa neguko saiakera bat antolatzen ari da Cho Oyun, oso eskalatzaile nepaldar indartsuekin. Joan den neguan, Pasang Norbu oinarrizko kanpamentutik C4ra gelditu barik joan zen, baita Dhaulagiriko gailurrera ere. Manasluko gailurrera iritsi nahi duten eskalatzaile nepaldarren talde bat ere badago, eta oso motibatuta gaude horregatik.
Baina Chepal, zenbat talde gaude orduan mendian?
Batzuk gaude hemen. Gure taldeak zuenarekin (Alex Txikon, Iñaki Alvarezekin eta Simone Moro) eta Pasang Rinji sherparekin batera lan egingo du. Gero, nazioarteko talde bat dago Paula Birgitta eta Mingma Sherparekin. Ondoren, Sofie Lenaerts eta bere senar Steven Maginellen (Dawa Sherparekin batera) taldea, eta, azkenik, Oswaldo Pereirarena.
Baina zelan antolatuko gara? Batetik, eskalatzaileen espedizio bat eta, bestetik, espedizio komertzial bat gaude?
Alex, zuri esker gara neguko eskalatzaile. Nire neguko lehen esperientziak zurekin izan ziren. Neguan zugatik hasi ginen. Gelje Sherpa edo Gesman Tamang edo beste batzuek neguan zurekin eman zituzten lehen pausoak. Talde ona osatzen duzu beti. Mendian talde indartsua sortzen ikasi dut. Oswaldo ere oso gizon ona da, eta beti dago laguntzeko prest. Gainerakoak oinarrizko kanpamentu berean daude.
Zure bigarren galdera, espedizio komertziala: Sofieren edo Paularen sherpak bertan daude une oro laguntzeko. Enpresa komertziala izango da, baina denbora guztian guk edo gainerako lantaldeak bezala lan egiten badute, ezin izango da komertziala dela esan.
Espedizio komertzialei buruz; nire esperientzian, jende asko babesle askorekin etortzen da Nepalera, gehienetan udaberrian eta udazkenean, eta oinarrizko kanpamentuan itxaroten dute guk, nepaldarrek, sokak 8.000 metrotik gora jartzeko lana egiten dugun arte. Bien bitartean, sare sozialetako profiletan irudiak eta informazioa argitaratu besterik ez dute egiten, errealitatea ezkutatuz.
Baina Alex, ziur nago denek lagunduko dutela, ez dut zalantzarik.
Zer ikasi zenuen iaz Manaslun?
Iaz talde indartsua izan ginen. Aurten indartsuagoak izango garela uste dut, eskalatzaile gehiago iristen ari direlako, baina ikusiko dugu. Iaz oso gogor lan egiten ikusi zintudan, beti bezala. Iñaki ere oso ondo aritu zen espedizioaren bigarren partean. Simonek estilo azkarra du gora eta behera, eta altuera baxuagoetan ere ondo egiten du lan.
Barkatu, zein ibilbide trazatu nahiko zenuke?
Nahiago dut ibilbide arrunta, iaz baino lan gutxiago izango dugulako.
Iaz, arreta une garrantzitsuenetan jartzen ere ikasi nuen, energia aurrezten eta beti bezala pazientzia izaten.
Gaineratu nahi nuke oinarrizko kanpamentua laster egongo dela prest garraiolariekin eta gure sukaldeko langileekin, baina zure (Alex Txikon) eta Natiren asmamenari esker. Dena Samagaonera iristea lortu duzu. Herriko garraiolariak igotzea lortu duzu eta denei frontalak eman zenizkien. Oso pozik nago berriro zuekin egoteaz.
Zelan sentitzen zara Chhepal?
Orain, nire adinarekin, 38 urte ditut, eta asko eskalatu ondoren, oso ondo sentitzen naiz, nahikoa esperientziarekin erronka berri honetarako.
Eskerrik asko, Chhepal.
Eskerrik asko zuri ere, eta hunkituta nago zure taldearekin mendian lan egiteagatik. Datozen asteez gozatuko dugu.
Nepaletik Sierra Leonara Eki Fundazioarekin
COVID-en hedapenak eragindako Everest-eko ebakuazioa dela eta sortutako ezbeharren ondoren eta Nepaletik bueltan lurreratu bezain pronto, guztizko aldaketa sakona behar nuen. Proiektu pertsonal bat taldeko proiektu bihurtzen duen aldaketa horietakoa. Eki Fundazioko nire lagunek bazuten proiektua esku artean eta berehala egin nuen bat beraien asmoarekin. Alegia, Sierra Leonara bidaiatu estazio fotovoltaicoak jarri eta urruneko txokoetara argia eramateko.
Baina bidaia, ia beti gertatzen den moduan, inoiz ahaztuko ez zaizkidan bizipen, sentsazio, emozio eta esperientzien nahaste bilakatu zen. Afrika ezezagun bat izan nuen aurrez-aurre, paisaia berde biziz jantzita eta urrezko ilunabarrez atonduta euria franko egin ondoren. Eltxo jasanezinak, (ez naiz ohitzen), betiereko irrifarredun umeak, gizaki atseginak eta abegitsuak, duten guztia ematen dizutenak, ezeren truke. Benetako abentura izan da.
Victor aita ezagutu genuen, 48 urte daramatza Sierra Leonan eta guda zibila bizi zuen hurbiletik, ankerkeria ugari ikusi zituen, larregi...edozein etxera bidaliko zuen basakeria. Baina Victor ez zen bere etxera itzuli eta bizitza erdia eman du ume gosetiei zer jan ematen, bere bizitza arriskuan jarri zuen behin baino gehiagotan ume soldaduak beraien herrietara bidaliz.
Zorte handia izan dut bizitzan, asko bidaiatu dut eta gizaki apartak ezagutu ditut, baina EKI Fundazioarekin Sierra Leonan bizi izandako egunak hitzik gabe utzi naute. Bidaia honetan gehien txunditu nauena Freetown-eko slums-ak izan dira, 9 urteko umeak ikusi ditugu prostituzioan, ezbeharretan bukatzen diren liskarrak ikusi ditugu zoritxarrez eta panorama guzti horren erdian, Argentinako aita salesiano bat, urtean 2.000 ume inguru zaintzen dituen gizaki aparta.
Zalantzarik gabe, kontrastez betetako herrialde honek ez nau batere hotz utzi. Paisaia txundigarriak eta irrifarre mugagabez jantzitako gizakiak indarkeriaz jositako gizarte eta errealitate basati baten aurrean. Errealitate gordina.
ManasluEkiren Oinarrizko Kanpamentua erreproduzitzea 3Dn dronen bitartez
Dakizuenez, gure espedizioetan, altuerako errotazioetan gogor lan egiteaz gain, ingurumen, teknologia, gizarte… arloko proiektuak gauzatzen ere laguntzen dugu. Kasu honetan, #ManasluEkiren Oinarrizko Kanpamentuaren dron bidez 3Dn egindako berreraikuntza-lana kontatu gura dizuet. Proiektu hori, Drone by Drone, Aire Segurtasuneko Estatu Agentziak Euskadin gaitutako lehenengo dron-enpresa operadorearen eskutik gauzatu dugu, eta monitorizaziorako UAS izenekoak erabiltzeari esker, guk egiten ditugunak bezalako espedizioen garapen seguru eta jasangarrirako interesgarriak diren egoerak aztertu ahal dira. Bere lanean aditua den etxeko jendearekin taldea egitea bezalakorik ez dago; horiei esker, nire Sare Sozialetan, Gorbeia inguruko entrenamenduak erakusten dituzten oso irudi politak partekatu ahal izan ditugu zuekin, eta orain, Manasluko oso proiektu berezia.
#ManasluEkiren Oinarrizko Kanpamentua dronen bidez 3Dn berreraikitzeko proiektuaren kasuan, ingurua aztertzeko, lursailak 3Dn berreraikitzea ahalbidetzen duen dron bidezko lehengoratze fotogrametrikoaren teknikari esker egin ahal izan da.
Nahasgarria dirudi, baina 3Dko berreraikitze horiek zertan datzaten, eta, ludikoaz gain, zer helburu dituzten, azalduko dizuet; izan ere, sortutako eredu digitalak haren gainean parametro ugari neurtzeko, eta informazioa GIS edo CAD programetara hainbat formatutan esportatzeko, ustiatzeko eta aztertzeko aukera ematen du.
Horrela, goi-mendiei dagokienez, dronen erabilerak, irudi ikusgarriak emateaz gain, datuak eman diezazkiguke, ondoren azter ditzagun, besteak beste, segurtasunari, jasangarritasunari, ingurumenari eta fenomeno atmosferiko lokalei buruzko informazioa lortzeko.
- Giza presentziak oinarrizko kanpamentuetan sortzen duen higadura aztertzea
- Zaborraren presentzia aztertzea, eta baita horren neurketa bolumetrikoa egiteko aukera ere, arintzeko eta bertatik kentzeko neurriak zehazteko.
- Eskalatzaileentzat arriskutsuak diren Serac-en mugimenduak behatzea eta neurtzea.
- Glaziarren behatzea eta neurtzea, klima-aldaketak eta gizakiak glaziarretan duten eraginaren ondoriozko atzerapena edo masa-galera ebaluatzeko.
- Ikus-entzunezko edukiak 3Dn egitea, interakziorako eta oinarrizko kanpamentuetan bertan edo igoeretako gune interesgarrietan, ibilbide birtualak egin ahal izateko. Horrela, eskalatzaileen eta espedizioaren egunerokotasunean modu errealagoan murgiltzea lortzen da, jendearengana modu errealistagoan hurbilduz, Himalaiarako espedizioen arriskuak jasan behar barik.
ManasluEkiren Oinarrizko Kanpamentua erreproduzitzea 3Dn dronen bitartez