Neguko espedizioetan dugun arrisku handienetakoa elur-jausien arriskua da. Aurreikusteko zaila eta oso arriskutsua den fenomenoa da. Segundo gutxitan elur tonak maldan behera erortzen hasten dira, eta leku eta une desegokian bazaude, heriotza ere ekar dezake. Aurten elurra ari du Manaslun eta elur-jausiak etengabeak dira. Zarata izugarriak entzuten ditugu eta batzuetan sortzen dituzten uhin hedakorrak ere sentitzen ditugu. Egia esan, errespetu handia sortzen dute.

Arriskuak gutxitzeko, beharrezkoa da prest egotea eta ahal diren neurri guztiak hartzea. ‘Elur’-eko (http://www.elur-equipment.com/) gure lagunak eta Sergio Pérez Fernández oso lan garrantzitsua egiten ari dira arlo horretan, eta etengabe gaude haiekin harremanetan. Asko laguntzen digute. Segurtasuna ezinbestekoa da edozein espediziotan, eta mendia ondo irakurtzen saiatu behar dugu. Bide bat noiz den segurua eta noiz ez aurreikusten saiatu. ‘Elur’-eko lankideek egindako testu hau utziko dizuet, uste baitut oso ondo azaltzen dituela mendiaren arriskuak:

“Dakigunez, mendiko jarduerek arrisku maila handia dute. Hori are nabarmenagoa da neguko mendiaz ari bagara, gure segurtasuna arriskuan jar dezaketen elementu gehiago gehitzen baititugu. Elur-jausiak elementurik hilgarrienetakoa dira, eta are gehiago gure espedizioetan aurrean ditugunak bezalako mendi handiez ari garenean.

Gure taldekide Alex Txikonek Manaslura 2021-2022 honetan egindako espedizioan, taldeak mendi horren aurpegirik gogorrenari aurre egin behar izan dio, Oinarrizko Kanpamentuan 2 metrotik gorako elurteak izan baitituzte. Hain prezipitazio ugariek geruza sakonenetan elur-oinarri egonkorrik ez egotearekin batera, elur-jausiak izateko arriskua 5/5 mailakoa izatea dakar, Europako eskalako mailarik altuena.

Alexek bere esku-hartze askotan esan duen bezala, mendiko istripuen % 92 gizakiak eragindakoak dira, hau da, ziurrenez ekidin daitezke. Elur-jausien arrisku hain handia duten lurretan mugitzen garenean, garrantzitsua da ekipo egokia izatea, entrenatzea eta geure burua birziklatzea, eguraldiaren aurreikuspenak izatea, egoera aztertzea eta erabakiak behar bezala hartzea. Alexek ondo dioen moduan, mendia hor egongo da beti, eta neguko 8.000 batean, ez dago hutserako tarterik.

Elur Equipment-en, elur-jausietan erreskatatzeko gure dispositiboa garatzen ari gara, baina prozesu horren gainerako arloetan ere egiten dugu lan; izan ere, analisi-urratsak era metodikoan betetzen baditugu eta aukerarik seguruenaren alde egiten badugu, arrisku handiko egoera asko saihestu ditzakegu, eta bizitzak salbatu.

Gainera, ez dugu Sergio Perez Fernandezi eskerrak emateko aukerarik galdu nahi, Manasluko egungo egoeraren analisian emandako laguntzarengatik.

Beti esaten dugun bezala, aztertu zure mugak, egizu seguru.”