COVID-en hedapenak eragindako Everest-eko ebakuazioa dela eta sortutako ezbeharren ondoren eta Nepaletik bueltan lurreratu bezain pronto, guztizko aldaketa sakona behar nuen. Proiektu pertsonal bat taldeko proiektu bihurtzen duen aldaketa horietakoa. Eki Fundazioko nire lagunek bazuten proiektua esku artean eta berehala egin nuen bat beraien asmoarekin. Alegia, Sierra Leonara bidaiatu estazio fotovoltaicoak jarri eta urruneko txokoetara argia eramateko.

Baina bidaia, ia beti gertatzen den moduan, inoiz ahaztuko ez zaizkidan bizipen, sentsazio, emozio eta esperientzien nahaste bilakatu zen. Afrika ezezagun bat izan nuen aurrez-aurre, paisaia berde biziz jantzita eta urrezko ilunabarrez atonduta euria franko egin ondoren. Eltxo jasanezinak, (ez naiz ohitzen), betiereko irrifarredun umeak, gizaki atseginak eta abegitsuak, duten guztia ematen dizutenak, ezeren truke. Benetako abentura izan da.

Victor aita ezagutu genuen, 48 urte daramatza Sierra Leonan eta guda zibila bizi zuen hurbiletik, ankerkeria ugari ikusi zituen, larregi…edozein etxera bidaliko zuen basakeria. Baina Victor ez zen bere etxera itzuli eta bizitza erdia eman du ume gosetiei zer jan ematen, bere bizitza arriskuan jarri zuen behin baino gehiagotan ume soldaduak beraien herrietara bidaliz.

Zorte handia izan dut bizitzan, asko bidaiatu dut eta gizaki apartak ezagutu ditut, baina EKI Fundazioarekin Sierra Leonan bizi izandako egunak hitzik gabe utzi naute. Bidaia honetan gehien txunditu nauena Freetown-eko slums-ak izan dira, 9 urteko umeak ikusi ditugu prostituzioan, ezbeharretan bukatzen diren liskarrak ikusi ditugu zoritxarrez eta panorama guzti horren erdian, Argentinako aita salesiano bat, urtean 2.000 ume inguru zaintzen dituen gizaki aparta.

Zalantzarik gabe, kontrastez betetako herrialde honek ez nau batere hotz utzi. Paisaia txundigarriak eta irrifarre mugagabez jantzitako gizakiak indarkeriaz jositako gizarte eta errealitate basati baten aurrean. Errealitate gordina.

Sierra leona 6Sierra Leona 2Sierra Leona 3