Aurten egiten ari garen espedizioak giza eta elkartasun balio nabarmena du. Beti saiatzen naiz hori egiten, baina aurten inoiz baino gehiago izan behar zuen. Izan ere, COVID-19ak sortutako pandemiak oso gogor jo du Nepal osoa. Ez hainbeste kutsatze mailan, arlo horretan ere jo duen arren, ekonomia mailan batez ere. Hemengo jendea turismotik bizi da neurri handi batean, eta aurten, denok dakigun bezala, ezin izan gara ia gure herrialdeetatik mugitu. Etorri aurretik eurekin telefonoz hitz egiten nuenean, denek ideia bera transmititzen zidaten: “Asko sufritzen ari gara. Dena geldirik dago eta hau jasanezina da. Jendea oso gaizki pasatzen ari da”. Euren berbak kezkaz beteta zeuden.

Banekien, beraz, zer aurkituko genuen. Horregatik EKI Fundazioarekin batera, lanari ekin genion. Zelan lagundu pentsatu behar genuen. Beti gure aukeren barruan, noski. Talde konprometitua gara, baina oso txikia, eta baliabide mugatuak ditugu. Baina formula bilatu behar genuen. Hemen ez dago aitzakiarik. Nepalek asko eman dit, eta eurekin zorretan nagoela sentitzen dut beti… Hori zor diet, nolabait esateko.

Bada, EKI Fundazioarekin formulak bilatu ondoren, bi modutara lagun geniezaiekeela pentsatu genuen: 60 bonbilla autonomo emanez eta Manasluko oinarrizko kanpamentura ekarri ditugun eta gure egunerokotasunean behar dugun energia guztia ematen diguten eguzki-plakak oparituz.

Baina hirugarren protagonista bat sartu behar genuen ekuazioan. Materiala non eta nori eman esango zigun norbait. Nepaleko pertsonen beharrak inork baino hobeto ezagutzen dituen norbait. Eta hor sartu zen Iñaki Ochoa de Olza-SOS Himalaya Fundazioa. Eurekin harremanetan jarri ginen eta dena oso erraza izan zen. Gure lana EKI Fundazioaren materiala jaso eta Nepalera eramatea zen. Halaxe egin genuen.

Katmandun egin genuen lehen astean, eurekin bildu ginen, eta produktuen lehen sorta eman genien: itsatsita daukaten eguzki-plaka bati esker funtziona dezaketen edo, nahi izanez gero, ohiko korrontearekin ere piztu daitezkeen (nahiz eta mozketak izan, zenbait lekutan ohikoa den bezala) 60 LED bonbilla autonomo. Hau da, bonbilla horiek, eguzkiaren argiari edo irits daitekeen korronteari esker kargatzen den litiozko bateria bat dute. Gaua erortzen bada edo argindarra mozten bada, bateria kargatuta dago eta bonbillak gehienez 8 orduz funtzionatzen jarraitzen du. Sistema erraza da, baina oso eraginkorra. Gainera, bonbilla horiek USB sarrera bat eta mikrojack bat dituzte, eta sistema urrutiko aginte baten bitartez aktibatu daiteke. Etxe batean horrelako bonbilla egoteak umeek ikasteko aukera izatea ekar dezake, eguzkia desagertzen denean euren eguna ere ez itzaltzea.

Manaslura egiten ari garen gure espedizioa amaitzen dugunean, bigarren material-sorta emango diegu: sorgailurik erabili eta erregaia kontsumitu barik (saihesten ari garen ingurumen-inpaktua ere kontuan izanda) oinarrizko kanpamentuan energiaz hornitzeko balio diguten eguzki-plakak. Baina aurretik 8.163 metroko erraldoi bat igotzeko erronka dugu, eta ez da lan erraza. Eskerrik asko Iñaki Ochoa de Olza SOS Himalaya Fundazioari, material hori guztia gehien behar duten lekuetara eramaten laguntzeagatik, eta EKI Fundazioari, hori posible egiteagatik. Energia berriztagarriak planetako lekurik ezkutuenetara iristea lortzen eta familia askori bizitza hobea izaten laguntzen ari gara.