Iñaki alboan izatearen garrantzia

Gehienok ez duzue Iñaki ezagutuko, baina guk proiektu hau berarekin partekatzeko zorte handia izan dugu. Iñaki Alvarez, historiaz eta arkeologiaz maiteminduta dagoen Zumarragako gipuzkoarra, gizon lasaia, isila, da. Bere umiltasuna eta Alexek Manaslura gurekin etorri nahi ote zuen esan zion lehen minututik abentura honi jarri dion ilusio handia maila berean daude. Duela 20 urte Iñaki espedizio batean egon zen Alexekin, Jon Marotorekin eta Xabier Ormazabalekin batera. Espedizio hura osatzen zuten 4 lagunetatik, Iñakik eta Alexek bakarrik jarraitzen dute bizirik.

Duela hilabete batzuk, bere bizitzan mendiarekin izan duen harremana kontatu zigun. Hemen duzue abiatu baino aste batzuk lehenago idatzi zigun testu laburra.

“Mendia gaztetatik nirekin daramadan pasioa da. Horrek mendikate urrunetan eskalatzera eraman nau nire bizitzan zehar.

Oso ondo gogoratzen dut “altuerako gaitzarekin” izan nuen lehenbiziko esperientzia, Mont Blancen izan zen, 99an, Grands Mulets isurialdean. Lehenengo egunean zorabiatuta jaitsi ginen, eta bigarrenean, tontorreraino igotzen saiatu ginen. Urte horretan bertan ikusi nuen lehen aldiz alpinista bat hiltzen, Cervinoko Hornli ertza igotzen ari nintzela. Ondoren, Lyon ertza ere igo nuen tontor horretan bertan, eta baita beste bide asko ere, Eigerreko Mitellegui ertza, Ober Torberg ekialdeko ezproia, Dent du Geant, Weisshorn, etab.

2001ean izan zen 6.000 metrotik gorako nire lehen esperientzia, eta izozteak ikusi nituen lehen aldia, Jon Maroto nire lagunaren hatzetan, hain zuzen ere, Huascaranetik jaitsi ondoren. Hainbat urtetan itzuli naiz Peruko (Cordillera Blanca) eta Boliviako (Cordillera Real) andeetara, beste tontor batzuk egiteko, Toclaraju, Huaina Potosi edo Illimani, besteak beste.

2008an, Afrikako kontinentea bisitatu nuen nire lagun Koke Lasarekin, Atlasetara joateko. Han, hainbat mendi eskalatu genituen, tartean Toubcal, korridorearen bidetik. Baina jarduera hartan azpimarragarriena Biiguinoussenera (4.002 m) igotzea izan zen, katalogatu gabe ikusi genuen bide berri batetik, eta ez genuen horren berririk eman. D+ maila zuela esango nuke.

2002an Pamirrera egin nuen bidaia, inoiz ahaztuko ez dudan benetako goi mendiko esperientzia eta ikasgaia izan zen. Han ezagutu nuen Alex Txikon, eta gailurrik lortu ez genuen arren, gure adiskidetasunak iraun egiten du; hori da mendi handi hartatik ekarri nuen gauza nagusia.

Nire karrera alpino apaleko gauzarik nabarmenena, beharbada, 2004an Shisha Pangmarako espedizioa izango da. Ohiko bidea alde batera utzi eta haren iparraldeko erdiko korridorea, mila metrotan 55º inguru zituena eta zuzenean gailurrera zeramana, eskalatu genuen. 1987an ireki zuten, eta gu urte hartan sartu ginen, Unai Pérez de Arenaza eta Oriol Baró lagunek lehen aldiz igo ondoren. Izotz txirrista erraldoi hartatik gora egitera animatu gintuzten.

Eskerrik asko, Iñaki, gure alboan egoteagatik eta gu zaintzeagatik.

 


EKI-SOS Himalaya: altuerako kolaborazioa

Aurten egiten ari garen espedizioak giza eta elkartasun balio nabarmena du. Beti saiatzen naiz hori egiten, baina aurten inoiz baino gehiago izan behar zuen. Izan ere, COVID-19ak sortutako pandemiak oso gogor jo du Nepal osoa. Ez hainbeste kutsatze mailan, arlo horretan ere jo duen arren, ekonomia mailan batez ere. Hemengo jendea turismotik bizi da neurri handi batean, eta aurten, denok dakigun bezala, ezin izan gara ia gure herrialdeetatik mugitu. Etorri aurretik eurekin telefonoz hitz egiten nuenean, denek ideia bera transmititzen zidaten: “Asko sufritzen ari gara. Dena geldirik dago eta hau jasanezina da. Jendea oso gaizki pasatzen ari da”. Euren berbak kezkaz beteta zeuden.

Banekien, beraz, zer aurkituko genuen. Horregatik EKI Fundazioarekin batera, lanari ekin genion. Zelan lagundu pentsatu behar genuen. Beti gure aukeren barruan, noski. Talde konprometitua gara, baina oso txikia, eta baliabide mugatuak ditugu. Baina formula bilatu behar genuen. Hemen ez dago aitzakiarik. Nepalek asko eman dit, eta eurekin zorretan nagoela sentitzen dut beti… Hori zor diet, nolabait esateko.

Bada, EKI Fundazioarekin formulak bilatu ondoren, bi modutara lagun geniezaiekeela pentsatu genuen: 60 bonbilla autonomo emanez eta Manasluko oinarrizko kanpamentura ekarri ditugun eta gure egunerokotasunean behar dugun energia guztia ematen diguten eguzki-plakak oparituz.

Baina hirugarren protagonista bat sartu behar genuen ekuazioan. Materiala non eta nori eman esango zigun norbait. Nepaleko pertsonen beharrak inork baino hobeto ezagutzen dituen norbait. Eta hor sartu zen Iñaki Ochoa de Olza-SOS Himalaya Fundazioa. Eurekin harremanetan jarri ginen eta dena oso erraza izan zen. Gure lana EKI Fundazioaren materiala jaso eta Nepalera eramatea zen. Halaxe egin genuen.

Katmandun egin genuen lehen astean, eurekin bildu ginen, eta produktuen lehen sorta eman genien: itsatsita daukaten eguzki-plaka bati esker funtziona dezaketen edo, nahi izanez gero, ohiko korrontearekin ere piztu daitezkeen (nahiz eta mozketak izan, zenbait lekutan ohikoa den bezala) 60 LED bonbilla autonomo. Hau da, bonbilla horiek, eguzkiaren argiari edo irits daitekeen korronteari esker kargatzen den litiozko bateria bat dute. Gaua erortzen bada edo argindarra mozten bada, bateria kargatuta dago eta bonbillak gehienez 8 orduz funtzionatzen jarraitzen du. Sistema erraza da, baina oso eraginkorra. Gainera, bonbilla horiek USB sarrera bat eta mikrojack bat dituzte, eta sistema urrutiko aginte baten bitartez aktibatu daiteke. Etxe batean horrelako bonbilla egoteak umeek ikasteko aukera izatea ekar dezake, eguzkia desagertzen denean euren eguna ere ez itzaltzea.

Manaslura egiten ari garen gure espedizioa amaitzen dugunean, bigarren material-sorta emango diegu: sorgailurik erabili eta erregaia kontsumitu barik (saihesten ari garen ingurumen-inpaktua ere kontuan izanda) oinarrizko kanpamentuan energiaz hornitzeko balio diguten eguzki-plakak. Baina aurretik 8.163 metroko erraldoi bat igotzeko erronka dugu, eta ez da lan erraza. Eskerrik asko Iñaki Ochoa de Olza SOS Himalaya Fundazioari, material hori guztia gehien behar duten lekuetara eramaten laguntzeagatik, eta EKI Fundazioari, hori posible egiteagatik. Energia berriztagarriak planetako lekurik ezkutuenetara iristea lortzen eta familia askori bizitza hobea izaten laguntzen ari gara.


Lan gogorraren ondorengo saria

Leher eginda gaude. Lan asko eta askoko egunak izan dira. Dakizuen bezala, errimaia izugarri batek planak aldatzera behartu gintuen eta horrek asko zaildu du igoera. Baina merezi izan du. Lan handia egin izanak ematen dizun lasaitasunak asko indarberritzen du. Gainera, orain arte inork egin gabeko ibilbide batetik. Hori bezain gauza gogobetegarri gutxi daude, benetan. Leku honen handitasuna, hain zuri eta isila, goian aurkitu ditugun ‘mushroom-ak’ eta ‘popcorn-ak’… oso ederra izan da. Asko sufritu dugu, baina gozatu duguna askoz gehiago izan da. Oso harro nago taldeaz. Egin dugun guztiak hunkitu egiten du. Oso gertu ikusten dugu Manasluko ipar tontorra! Ia 6.700 metroraino ekipatu dugu, eta gailurra erasotzeko ia material guztia igo dugu.

Ibilbide hori 3 egunez landu behar izan dugu, gogor egin ere. Berria zen guretzat. Uste dugu inork ez duela inoiz igo. Informazio faltan, Chhepal, Kalden, Namja eta laurok sakon aritu behar izan gara pixkanaka hornitzeko. Pausoz pauso, baina atseden barik. Bidearen zati handi bat lauron artean hornitu dugu. Bestalde, Iñaki materiala birritan garraiatzeaz arduratu zen, eta Simonek, Tenzingek eta Gelumek 350 metroko soka hornitu zuten, 6.325 metrotik 6.450 metrora. Guk hasitakoari jarraitu zioten. Simonek, gainera, lan handia egin du, gailurra erasotzeko beharrezkoak diren gainerako materialak 6.650 metroraino igo ditu eta. 20 kiloko motxila, ez da gutxi.

Gorabehera handiko egunak izan dira. Une batzuetan Bilbora itzuli beharko ginela ere pentsatu genuen, izan ditugun zailtasunengatik. Errimaia hura gaindiezina izan zitekeen, baina oztopoa gainditzea lortu dugu. Sakrifizioarekin, konpromisoarekin eta gogo handiarekin. Baina, batez ere, lan psikologiko izugarriarekin. Mendiak horretara behartzen zaitu, eta uste dut nabarmen gainditu dugula.

Orain atseden hartu behar dugu egun batzuetan. Oso lan neketsua egin dugu. Baina denborak horretarako aukera ematen duenean, gora joango gara. Nahiko baikorrak gara, eta asko aurreratu dugula uste dut. Hurrengo pausoa gogorra izango da. Oso gogorra. Eta, berriro ere, mendiak proban jarriko gaitu. Beti egiten duen bezala. Baina prest gaude.


Sherpak, gure espedizioetako ezinbesteko protagonistak

Sherpak, zalantza barik, funtsezko protagonistak dira Himalaiako gure espedizio guztietan. Eurak barik, ia ezinezkoa izango litzaiguke geure buruei proposatzen dizkiegun erronkei aurre egitea. Jakina, Manaslu-EKI ez da salbuespena. Sherpak oso garrantzitsuak izaten ari dira irekitzen ari garen ibilbide berria ekipatzeko lanean.

Lehenik eta behin, eskerrak eman gura dizkiot COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioak hainbeste sufritu dituen kolektibo honi. Mundu osoko egoera epidemiologikoak eragindako murrizketek urte honetarako programatutako espedizio gehienak geldiarazi dituzte. Ondo dakizuenez, guk ere ez dugu erraza izan Nepalera iristea. Izerdi asko bota behar izan genuen dena antolatu ahal izateko, tokiko agintariek eskatzen zizkiguten paper guztiak konpontzeko eta, azkenik, gure plan guztiak atzeratu zituen berrogeialdia igarotzeko. Esan dizuedan bezala, konplikazio horien guztien ondorioz, jende askok negu honetan ez etortzea erabaki du.

Sherpa horiek guztiak, neurri handi batean, gu bezalako espedizioetatik eta turistetatik bizi dira. Euren euskarri nagusia espedizioak dira eta 2020-2021ean ia ez da egon. Beste sarrera batean, oinarrizko kanpamentura ekarri gaituen trekking-ean hainbat lagunek esan zigutenari buruz berba egin nizuen: “Azken hilabeteotan ikusi ditugun atzerritar gutxienetakoak zarete. Martxotik hona oso jende gutxi etorri da eta hori guretzako oso latza da”. Pena handia ematen digun mezu gogorra. Espero dezagun egoera lehenbailehen aldatzea eta pertsona horiek, eskualde guztikoek bezala, diru sarrera fidagarria izatea berriro, ahalik eta modu duinenean bizi ahal izateko.

Hori guztia esanda, abentura honetan lagun ditugun hiru sherpari buruz berba egin gura dizuet: Chhepal Sherpa, Kalden Sherpa eta Namja Sherpa. Hiru pertsona zoragarri, eta profesional bikainak gainera. Egia esan, euren laguntza eta esperientzia barik, bizi dugun hau guztia ez zen posible izango. Namaste!

Cheppal Sherpa da gurekin denbora gehien daramana. Neguan Everest igotzen saiatu ginenetik, gure espedizio guztietan lagundu digu. Denetan nagusia da eta Sherpa taldeko lider lanak egiten ditu. Pertsona ikusgarria, atsegina eta tratu bikainekoa da. Baina, batez ere, makina bat da mendian. Bere esperientzia funtsezkoa zaigu eta lan handia egiten du. Egia esan, ez du inor hotz uzten. Ezagutzen duen orok bizitza osoan gogoratuko du.

Kalden Sherpa iaz hasi zen gurekin Ama Dablamen (gailur nagusia itsas mailatik 6.812 metrora dago). Oso pertsona indartsua eta ausarta da. Berba gutxiko gizona, barruan daramatena ateratzea kostatzen zaien horietakoa, baina, behin berarekin harremana daukazunean, oso pertsona jatorra eta hurbila da. Berari buruz zerbait nabarmendu beharko banu, esango nuke oso prestua dela, inoiz ez dela ahalegindu barik geratzen. Ez du lan egiteko arazorik, eta hori asko eskertzen da ordu erabakigarria iristen denean.

Azken protagonista Namja Sherpa da. Zalantza barik, beste ‘makina’ bat. Gehien harritu nauena bere indar fisikoa da. Oso indartsua da. Nire lagun Lur aho zabalik geratu zen bere gaitasunarekin: “Zelan doan tipo hau, Alex. Forma fisiko ikaragarria du”. Bide batez agur handi bat bidali gura diot Lur lagunari, gura baino lehen abentura utzi behar izan zuelako. Berak ere honetaz guztiaz zerbait jakingo du. Ongi etorri taldera, Namja, eta eskerrik asko guztioi!